Atzokoak egun alaia izan behar zuen GARA egunkariko lankideentzat. Hogei urte bete ziren lehen zenbakia argitaratu zutenetik, eta ospatzeko moduko lorpen handia da hori, batez ere komunikabideentzat bizi dugun aro zail honetan.
Aitzitik, poztasun zantzurik ez genuen sumatu GARAren arduradunek egunkariaren urteurrenean egindako agerraldian: erredakzioa hutsik eta erdi ilunpetan zegoela, datozen urteotan hiru milioi eurotik gora ordaintzera derrigortuta daudela azaldu zuten, zer eta Espainiako justiziak berak legez kanpokotzat jotako EGIN egunkariaren itxieraren ondorioak ordaintzeko.
Lerro xume hauen bidez, Euskal Herri osoko 66 toki komunikabide batzen dituen TOKIKOMetik GARAri ezarritako zor horren bidegabekeria publikoki salatu nahi dugu, komunikazio proiektuaren bideragarritasuna kolokan jarriz prentsa askatasuna eta aniztasuna ere kaltetzen dituelako, eta elkartasuna adierazi nahi diogu GARAren lan-talde osoari. Toki komunikabideetan oso jabe gara prentsa aniztasunak duen garrantziaz, eta haren alde diharduenak ondoan izango gaitu.
Bilbon, 2019ko urtarrilaren 31n