TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

KRONIKA: Toki komunikabideen elkarteen topaketa Bartzelonan

Kataluniako tokiko prentsaren elkarteak, ACPCk, tokiko prentsaren eguna ospatu du Bartzelonan asteburu honetan, bere 40. urteurreneko ospakizunei amaiera jartzeko. TOKIKOMeko 12 lagunek eta ORAI NLPko beste batek osatutako ordezkaritza batek bertan parte hartu du, euskarazko toki komunikabideen esperientziak kontatu eta estatuko beste toki komunikabide elkarteen berri jasotzeko. 100 bat kazetari eta editore batu dira bi eguneko topaketan, sektorearen erronkei eta aukerei buruz eztabaidatu eta iritziak eta esperientziak trukatzeko.

Bartzelonako ekitaldian Goiena, UKT, Anboto, Pil-Pilean, Geuria eta Hiruka hedabideetako ordezkariak izan dira, TOKIKOMeko eta ORAI NLPko talde teknikoko lankideekin batera

Bartzelonako ekitaldian Goiena, UKT, Anboto, Pil-Pilean, Geuria eta Hiruka hedabideetako ordezkariak izan dira, TOKIKOMeko eta ORAI NLPko talde teknikoko lankideekin batera

TOKIKOMen ordezkaritzak topaketaren balorazio bikaina egin du: antzeko esperientziak ezagutu eta arazo berdintsuen aurrean garatutako erantzunak eta irtenbideak ikusteko balio izan du eta, bide batez, duela hamar 10 sortu zenetik egin duen bidea antzeko beste elkarte batzuen aurrean erakutsi eta balioesteko. Hala TOKIKOM nola topaketaren antolatzaileak bat etorri dira: hurrengo pausua  elkarlanerako bide eta zirrikituak topatzea da, eta horretan hasiko dira lanean.

Francesc Fàbregas, ACPC-ko presidentea

Francesc Fàbregas, ACPC-ko presidentea, topaketako gonbidatuoi ongi etorria ematen

Associació Catalana de Premsa Comarcal elkarteak antolatutako topaketa ostiral arratsaldean hasi zen. Francesc Fàbregas ACPCko lehendakariak ongi etorrian nabarmendu zuenez, katalanentzat “oso garrantzitsua da elkar ezagutzea. Hemen sinergiak sortu eta elkarrengandik ikastea da kontua, elkarrekin askoz indartsuagoak garela ahaztu gabe”.

Ondoren, elkarteetako ordezkariek hartu zuten hitza. Associació de Mitjans Digitals de la Comunitat Valencianako presidenteordeak, Manuel Furók, azaldu zuen 53 komunikabide digital biltzen dituztela; horietako batzuk tokikoak dira, eta guztiak 2006tik “kazetaritzari prestigioa emateko” elkartuta daude, eta urtean 100 milioi orrialdeetara iristen dira.

Miquel Àngel Marquès-ek Associació de la Premsa Local de Menorca elkartea aurkeztu zuen. Elkarteko idazkaria da bera, eta azaldu zuen 1991an sortutako erakundeak hamar argitalpen batzen dituela, “beti katalanaren alde lanean”.

Associació de Premsa Comarcal Valenciana berriz, 2015ean sortu zuten, ACPCren ereduan oinarrituta. Luis Peidro idazkariak adieraz zuen, elkartea sortzeko arrazoi nagusia “geure burua ezagutzera ematea zen, ez administrazioek ezta iragarle handiek ez baitziguten batere kasurik egiten. Ordutik, 12 egunkari gara, denak paperean eta ordainpekoak”.

Associació de la Premsa Forana de Mallorca elkarteak, berriz, 48 argitalpen batzen ditu, eta 1980an sortu zen. Bere Presidenteak,  Rafel Puigserver-ek, aurkeztu zuen. “Herriz herriko errealitatea ondoen islatzen dugunak gara, eta azken urteotan ahalegin handia egin dugu edukiak digitalizatu eta Mallorcako funtsezko hemeroteka sortzeko”.

ACPCko idazkariak, Joan Carles Codolàk, azaldu zuen duela 41 urte sortu zutela elkartea, “beti ere bazkideei laguntzeko, dela hedabideak modernizatzen, administrazioarekin eta enpresa handiekin negoziatzen publizitate sarrerak handitzeko, eta langileentzako prestakuntza eskainiz”.

TOKIKOMen aurkezpena elkarteko lehendakariak, Iban Arantzabalek egin zuen: aurten 10 urte betetzen dituen euskarazko toki komunikabideen bateragunea 28 bazkidek osatzen dute, 76 komunikabidek, eta haietan lan egiten duten 200 lagun baino gehiagok. Adimen artifizialaren aukeren adibide praktiko bat ere erakutsi zuen, ORAI NLPko Igor Leturiaren laguntzaz: euskarazko ongi etorriko mezua unean bertan grabatu, itzuli eta ahots sintetiko batekin bikoiztu zuten prozesu %100 automatikoan.  Ibanen 10 minutuko hitzartzea amaitu aurretik erakutsi zieten grabazioa bertaratutako guztiei, katalanez zein ingelesez  bikoiztuta.

Alaitz Artolazabalen azalpenak ACPC Dia de la Premsa COmarcal 2022

Alaitz Artolazabalen aurkezpena

Elkarteen aurkezpenak amaituta, lan-lerro eta esperientzia zehatzen txanda iritsi zen. Lehenik eta behin, Gorka Zabaleta UKTko koordinatzaileak TOKIKOMek bazkideei eskaintzen dizkien tresna digitalen mapa azaldu zuen, bazkideei baliabideei eskainiz erronka digitalei aurre egiteko, alde editorialean zein kudeaketan eta publizitatean eta, garrantzitsuena, lan tresnak, moldeak eta estrategiak elkarlanean garatu eta konpartitzeko asmoz. Hari berari tiraka, TOKIKOMeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, publizitate kanal bateratuaren berri eman zuen. TOKIKOMen diru-sarreren osaera erakutsi ondoren, azaldu zuen 2020an internet bidezko publizitate sarrerek euskarri analogikoenak gainditu zituztela, horretarako sekretua elkarlanean eta hedabide guztiak bakarra balira bezala lan egitean datzala.

Horretan bat etorri zen Sita Vilaró, ACPCko publizitate burua. Kataluniako elkarteak aspaldi ikusi zuen bertara batutako komunikabideak talde gisa identifikatzeko marka sortu beharra, Premsa Comarcal, baita publizitate formatu eta prozedurak bateratzekoa. Marka hori merkatuan dago gaur egun, “kopurua baino, kalitatearen alde apustu eginez, eta audientziaren alde eginez, zabalkundearen alde baino”.

Joxe Rojas Dia de la Premsa Comarcal Bartzelona 2022

Joxe Rojasen azalpenak TOKIKOMen adimen artifizialeko esperientziari buruz.

Larunbatean era hainbat aurkezpen izan ziren. Lehenengoa UAB unibertsitateko Santiago Tejedor ikertzailea izan da, 2022ko ACPCko Ikerketa Saria irabazi duen lana aurkezteko. Saria Cristina Pulidorekin batera idatzi du, “La Intel·ligència Artificial. Futur de la premsa del territori?” ikerlana. Tejedorrek proiektua aurkeztu eta adimen artfiziala munduko hainbat hedabidetan erabiltzen ari den moduen adibideak jarri zituen. Ondoren, Joxe Rojas TOKIKOMeko komunikazio zuzendariak hartu zuen hitza, TOKIKOMen adimen artifizialeko ikerketa proiektuen emaitza eta aplikazio praktikoak erakutsiz. Euskarak planteatzen dituen arazo teknikoak gaindituz eta Vicomtech eta Elhuyar bezalako bidaideen laguntzaz, TOKIKOMek aurrerapauso txiki baina eraginkorrak egin ditu adimen artifizialaren erabileran, batez ere edukien artxibatze eta berrerabiltze automatikoarekin lotutakoak.

Topaketa amaitzeko, Santiago Sanchís Valentziako Prentsa Elkarteko lehendakariak moderatutako eztabaida izan zen. “Paperaren eta digitalaren arteko bizikidetza” izenarekin, Joan Carles Codolà, Iban Arantzabal, Manuel Furó, Rafel Puigserver eta Miquel Àngel Marquések hartu zuten parte, bildutako elkarte ezberdinen izenean, eta agerian geratu ziren bi jarrera oso ezberdin papera eta digitalaren arteko ‘arrakalari’ dagokionez. Bertaratutako elkarte gehienek paperaren aldarrikapen sutsua egin zuten bitartean, Valentziako digitalen elkartea eta TOKIKOM bera euskarriei garrantzia kentzearen alde azaldu ziren, garrantzitsuena istorioak kontatzea eta zabaltzea dela nabarmenduz, euskarria edozein dela ere.

Dia Premsa Comarcal 2022 mahaingurua

Mahainguruan paperezko argitalpenen garrantziaren gaiak hartu zuen pisua

Lan lerro komun batzuk zirriborratzen hasteko, Conxita Font , Generalitateko Kanpo Ekintza eta Europar Batasuneko Europako Funtsen arduradunak, toki komunikabideentzako Europako laguntza-ildoak azaldu zituen, eta Jardunaldien amaierako hitzaldia Xavier Xirgok eman zuen, Consell de l’Audiovisual de Catalunya-ko lehendakariak. Xirgok azpimarrratu zuen prentsak azken 40 urteotako krisien ondorioz izandako gorabeherak gorabehera, badela denbora honetan aldatu ez den zerbait: “gertuko informazioaren beharra, Kataluniako kasuan Premsa Comarcalek asetzen duena”.

Francesc Fabregas, ACPCko presidentea, esker oneko oroigarria ematen TOKIKOMeko presidente Iban Arantzabali

Francesc Fàbregas, ACPCko presidentea, esker oneko oroigarria ematen TOKIKOMeko presidente Iban Arantzabali

Amaitzeko, Kataluniako Generalitateko komunikazio idazkariak, Oriol Duranek, hartu zuen hitza. Duranek espreski azpimarratu zuen tokiko prentsak hizkuntza katalana nabarmentzeko duen garrantzia, eta etxerako lanak ere jarri zituen: “sektorea berritu beharra dagoela, eta berrikuntza horretarako prestatu. Jardunaldi hauek prestakuntza horren adibide ezin hobea izan dira”.

Itxierako Gala Palau de la Música Catalana antzokian

Topaketa -eta ACPCren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi sorta- ixteko, urteurrenaren itxialdiko gala hunkigarria egin zuten katalanek larunbat arratsaldean. Bertan, ACPCk berak gazteen artean antolatutako sarien banaketa egin zen, Rosa María Calaf kazetari ezagunak ere ohorezko saria jaso zuen, kazetaritzaren munduan egindako ibilbideagatik, aretoa bete zuten 400 lagunen aurrean eta musika eta umorea tartekatuta.

Informazio gehiago:

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.