TOKIKOMek bere zazpigarren ohiko Batzar Orokorra egin du gaur Eibarren, 2018ko balantzea eta 2019ko kudeaketa plana onartzeko.
TOKIKOM, kohesio tresna
Toki komunikabideen taldeko presidenteak, Jone Guenetxeak, toki komunikabide txikien kohesioa lantzeko egindako eta egiteko asmoa dauden lanak goraipatu ditu batzarrean. Besteak beste, 2018an paperezko aldizkarientzako edizio sistema bateratua inplementatzeko egindako lana, eta 2019an martxan jartzeko asmoa dagoen Tokimedia multimedia zerbitzari komuna jarri ditu adibide gisa. Lan teknikoetatik aparte, Guenetxeak txalotu eta eskertu egin du TOKIKOMek EAEko erakundeen diru-laguntza eredu berria lantzen egindako lana, “toki komunikabideon lana nabarmentzen eta balioan jartzen”.
Tokikoen garrantzia
Alaitz Artolozabalek, TOKIKOMeko zuzendariak, toki komunikabideen garrantzia aldarrikatu du 2018ko jardueraren errepasoari ekin aurretik: “TOKIKOMeko komunikabideok Hekimenen barruan dauden medio digital guztien trafikoaren %41 eragin genuen 2018an, eta horrek argi uzten du gure garrantzia estrategikoa”.
TOKIKOMen 2019ko erronka nagusia bazkide dituen komunikabideen arteko kohesioa landu eta errazteko tresnak garatzen jarraitzea izango da. Hala, indar berezia jarriko du, besteak beste:
- paperezko argitalpenentzako edizio sistema bateratua hedatzen eta hark posible egiten duen artxibo bateratua ustiatzeko aukerak aztertzen
- medio digitalentzako Tokimedia artxibo multimedia bateratua abiatzen, argazkiak eta multimedia materiala modu koordinatuan artxibatu eta ustiatzeko
- toki komunikabideen eta 2018an sortutako Ttap aldizkari digitalaren arteko eduki jarioa sustatzen
Batzarra amaitzeko, tarte bat eskaini zaio Urola-Kosta bailarako toki komunikabideek emandako aurrerapausoari. Urtetako saiakeren ondorioz, eskualde horretako hainbat komunikabidek bide komuna adostu eta eskualde mailako egitura bakar batean batuko dira, “baliabideak hobeto aprobetxatu eta sinergiak sortze aldera”.