TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Basaurin banatuko ditugu 2019ko TOKIKOM Sariak

  • Ekitaldia azaroaren 15ean izango da, Ibaigane Kultur Etxean
  • Sari banaketarekin batera, albiste faltsu eta zurrumurruen inguruko gogoeta ere egingo dugu, hainbat adituren eskutik
Geuriako kideak TOKIKOM Saria jasotzen 2018an

2018ko edizioan Hego Uribeko Geuriak jaso zuen edukirik onenaren saria

Azaroaren 15ean banatuko ditugu azken urtean toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzen dituzten TOKIKOM Sariak. 2018ko edizioan Geuriak, Hego Uribeko toki komunikabideak irabazi zuen eduki onenaren saria, eta hori dela eta, aurtengo edizioan bere eremuan izango da sari banaketa: Basauriko Ibaigane Kultur Etxean.

TOKIKOM Sarien laugarren edizioa izango da aurtengoa. Toki komunikabide txikietan kazetaritza lan bikainak egiten dira sarritan, baina tokiko izaerak lan horien zabalkundea mugatzen du. Sari hauekin, toki komunikabideon lana ezagutarazi eta haren kalitatea aldarrikatu nahi dugu. Horretarako, hiru sari banatzen ditugu urtero: azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena.

Aurtengo epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak, eta HUHEZIko Amaia Pavonek osatu dute. Epaimahaiaren idazkari lanetan jardun duen Joxe Rojasek, TOKIKOMeko komunikazio arduradunak, nabarmendu du urtetik urtera gero eta lan hobeak aurkezten direla sariketara, eta epaimahaiak gero eta zailago izaten duela azken erabakia hartzea.

Albiste faltsuen eragina gertuko komunitateanAlbiste faltsuen eragina gertuko komunitatean

Sariak banatzeaz gain, TOKIKOMek aukera aprobetxatu du euskarazko tokiko kazetaritzarekin lotutako gogoeta proposatzeko. Albiste faltsuek gertuko komunitatean duten eragina hartuko dute ardatz gisa, hainbat aditu eta arituren laguntzaz.

Alde batetik, MALDITO BULO hedabide digitalaren koordinatzaileak, Laura del Rio Leopoldok, albiste faltsuen auziaren kokapen orokor bat egingo du. Ondoren, Euskal Herriko hainbat erakunde publiko eta GKE batzen dituen ZURRUMURRUEN AURKAKO SAREAren izenean, Irantzu Jauregik zurrumurruen aurkako lanean pilatutako esperientziaren berri emango du. Eta EUSKALTZALEEN TOPAGUNEtik, Mikel Ozaitak euskarak bizikidetza sustatzeko elementu gisa duen balioa azaldu eta Auzoko esperientziaren berri emango du. Gainera, hainbat toki komunikabidek albiste faltsu eta zurrumurruen esparruan izandako esperientziak, eta haietatik ateratako ondorio eta ikasbideak ere azalduko dituzte.

Izen ematea zabalik azaroaren 12ra arte

Ekitaldia TOKIKOM toki komunikabideen bateragunea antolatzen ari da, Geuria, Hego Uribeko komunikabidearen laguntzaz, eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien zein Basauriko udalaren babesaz. Sarrera librea izango da, baina izena eman beharra dago azaroaren 12a baino lehen. Izen ematea zein informazio zehatzagoa, tokikom.eus/sariak/2019 webgunean topa daiteke.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.