Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sareak – ZASek eta TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, kazetarientzako ikastaro bat antolatu dute elkarlanean, etorkinekin lotutako zurrumurru eta albiste faltsuei aurre egiteko tresnak eskaintzeko asmoz.
Sare sozialen garaiotan gero eta errazago sortzen eta zabaltzen dira zurrumurru eta albiste faltsuak. Kasu askotan, mezu horiek modu erabat zuzenduan eta helburu argiekin hedatzen dira: gizartean egoerarik ahulenean dauden taldeei eraso egiteko.
Toki komunikabideek, kalearekiko, azken kontsumitzaileekiko zein giza-talde zaurgarri horiekiko gertutasunetik, konpromiso eta erantzukizun argia dute zurrumurruak sortzen diren gertuko komunitatean bertan geldiarazi eta gezurtatzearekin. Hala erakutsi zuten oso argi 2019ko TOKIKOM Sarien ekitaldian, gaiarekin lotutako hainbat ponentzia eta testigantzaren bidez. Sare sozialetako multinazionalek menderatutako ingurune batean, toki komunikabideen zero kilometroko komunikazioak ezinbesteko papera joka dezake gizartea kohesionatu eta hainbat giza-talderekiko aurreiritziak areagotzeko saiakerak geldiarazteko orduan.
Helburu horrexekin sortu zen, hain zuzen ere, Euskadiko Zurrumurruen Aurkako Sarea, ZAS. Euskal Autonomia Erkidegoko 34 gizarte eragilek eta herri erakundek osatzen duten sare honek gizartea sentsibilizatzeko estrategia bat garatu nahi du, xenofobiari eta diskriminazioari aurre egiteko, bizikidetza hobetzeko eta kultura-aniztasunaren indarra baliatzeko.
Elkarrekin jarduteak entitate bien helburuei on egin diezaiekeela sinistuta, ZASek eta TOKIKOMek elkarlan hitzarmen bat sinatu berri dute. Elkarlan horren barruan, lehen urratsa toki komunikabideetako kazetarientzako prestakuntza ikastaro bat izango da. Ikastaro horretan, kazetariek kontestuko informazio zehatza jasoko dute Euskal Herria iristen diren etorkinei buruz, eta gako praktikoak ere landuko dituzte sarritan hedatzen diren zurrumurru eta aurreiritziak gelditu eta datu objektiboekin kontrastatzeko.
Ikastaroa sareko kide diren Xabier Aierdik eta Gorka Morenok zuzenduko dute. Xabier Aierdi Urraza EHUko irakasle ohia da eta migrazioei lotutako gaietan aritu da urte luzeetan. Gizarte-ikerkuntzarako Begirune Fundazioa sortu berri du, eta horrez gain, ZAS! erakundean ari da, immigrazioaren inguruko zurrumurruen aurkako ekimenetan. Gorka Moreno, berriz EHUko irakaslea eta Euskal Immigrazioaren Behatokiko kidea da. Bere ikerketa ildoak migrazioei lotuta daude eta hainbat hitzaldi eta mintegi dibulgatibo eman ditu arlo horren inguruan, tartean zurrumurruen aurkako agenteen formakuntzan.
Horrez gain, ZASek gizartea sentiberatzeko komunikazio kanpaina bat ere gauzatuko du TOKIKOMeko komunikabideen bidez, Sarearen beraren lana zein bere balioak gizarteratzeko. Hala TOKIKOMek nola ZASek oso ondo baloratu dute lehen hurbilpen hau, eta espero dute denboran jarraipena izango duen bide baten hasiera baino ez izatea.