Toki komunikabideen eta EiTBren arteko elkarlan marko zabalaren baitan, Debagoieneko Goiena Komunikazio Taldeak ETBk elkarlanean eskaniko dute San Juan gaua bi telebistetan. Goienako Goiatz Aranak eta ETBko Imanol Artolak aurkeztuko dute saioa. 22:15ean hasita ikusi ahalko da aldi berean Goiena Telebistan eta ETB1en. Saio berezi honez gain, Goienak tarte zabala eskainiko die San Juan ospakizunei bere euskarri guztietan.
Akordioak aurrekari ederra suposatzen du ETBren eta tokiko telebisten arteko elkarlanean, eta TOKIKOMetik gogor lan egingo dugu bide luze baten hasiera besterik ez dadin izan.
Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria
“Elkarlanean jardungo dugu ETBk eta Goienak San Juan bezperan Arrasatetik. Elkarlanak edukia asko aberasten du eta, gainera, ikus-entzulea ateratzen da irabazten. Euskal Herriari zor diogu hau”, adierazi du ETBko zuzendariak. Arrasatearra 2021eko otsailetik da euskal irrati eta telebista publikoko zuzendaria, eta bi erakundeek emanaldi bateratua egingo dute Arrasateko plazatik. Goienaren zein ETBren ikus-entzunezko hedabideetan izango da ikusgai. “Lehenago ere jardun dugu elkarlanean; Tokikom-ekin jardun genuen azken Korrika-ko zuzeneko saioetan eta azkena, orain astebete, Fito & Fitipaldis-en kontzertuan RTVE-rekin”.
Iban Arantzabal, Goienako zuzendaria eta TOKIKOMeko presidentea
“Goienak urteetan sinatu du kolaborazio hitzarmena EITBrekin, Maite Iturbe zuzendari zenetik. Andoni Aldekoak ere aliantzen premia azaleratu du plan estrategikoan. Orain, hitzei edukia jartzeko momentuan gaude, eta emankizun bateratu hau horren adibide da. Hasiera ona, jarraipena izatea nahi genukeena. Erraztu du emanaldi hau egiteko Oihane Agirrek eta Unai Iparragirrek egindako lanak. Arrasateko San Juan bezpera inoiz baino jende gehiagok ikusiko du”.