TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Toki komunikabideen 6 elkartek Espainiako Estatuko administrazio publikoen konpromisoa eskatu dute publizitatea eta diru-laguntzak bideratzeko

Tokiko eta eskualdeko komunikabideen sei elkarte bildu dira egunotan, martxoaren 23an eta 24an. Elkarrekin partekatzen dituzten ezaugarri, arazo eta erronka komunen jabe, tokiko eta eskualdeko komunikabideen sei elkartek, tartean TOKIKOMek, jarrerak hurbildu eta lankidetza-bideak irekitzeko manifestua sinatu dute Getxon.

jarrerak hurbiltzeko eta elkarren arteko lankidetza-bideak irekitzeko. Horien artean daude:

Besteak beste, krisiak eragindako ondorioei aurre egiteko, haien hedabideak publizitate inbertsioetan sartzeko eskatu diete Estatuko administrazio publikoei.

Sei toki komunikabideen elkarteren ordezkariak Getxon, Manifestu komuna sinatu ondoren

María Reig eta Luis Peidro (ACPCV), Alaitz Artolazabal (TOKIKOM), Francesc Fábregas (ACPC), Miguel Miró (AMDComVal), Tomeu Caldentey (APFM) eta Miquel Àngel Marqués (APLM), dokumentua sinatu berritan.

 

Sei entitateek tokiko eta eskualdeko 347 komunikabide batzen ditu guztira, sei milioi eta erdi lagunengana iristen direnak, “euren errotze sozial handiaren erakusgarri”. Denen artean, 1.296 ordainpeko langile eta 2.213 laguntzaile pilatzen dituzte, eta urtean ia 49 milioi euroko bolumen ekonomikoa osatzen dute.

Tokiko eta eskualdeko komunikabideek egiazko informaziorako, kulturarako, gizarte-partaidetzarako eta ohitura demokratikoetarako sarbidea sustatzen dute, eta, beraz, funtsezkoak dira dinamizazio eta demokrazia sozialerako. Gezurrak eta egia erdiak modu masibo eta interesatuan hedatzen eta erabiltzen diren testuinguru honetan, hedabideok hurbileko kazetaritzan oinarritzen dute euren jarduna, bitartekorik gabe eta errealitateari lotuta.

Elkarteek nabarmendu dutenez, gertuko kazetaritzak sektore ekonomiko garrantzitsua osatzen du, tokiko 1.296 familiari lana eta zuzeneko bizibidea ematen diena, hornitzaileen jarduera ekonomikoa sustatzen duena eta tokiko ekonomiak dinamizatzen nabarmen laguntzen duten produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituena.

Ildo horretan, deitoratu dute eurak ere gogor pairatzen ari direla ekonomia- eta osasun-krisien ondorioak, hala nola enpresa txiki eta tokiko saltokien desagertzeak publizitatean eragindako diru-sarreren beherakada.

Zailtasunak zailtasun, hedabideok euren jarduera mantendu ez ezik, euren burua eraberrituz eta egokituz, duten zerbitzu publikoko bokazioari heldu eta herriko komunitatearekiko konpromiso sendoari eutsi diote.

Tokiko eta eskualdeko komunikabideen elkarteen Manifestua

Elkarrekin partekatzen ditugun ezaugarri, arazo eta erronken jabe, tokiko eta eskualdeko komunikabideen elkarte hauek Bartzelonan batu gara 2022ko azaroaren 18 eta 19an, eta Getxon 2023ko martxoaren 23 eta 24an, jarrerak hurbildu eta lankidetza bideak irekitzeko:

Associació Catalana de la Premsa Comarcal Associació de la Premsa Comarcal Valenciana Associació de Mitjans Digitals de la Comunitat V alenciana Associació de Premsa Forana de Mallorca Associació de la Premsa Local de Menorca TOKIKOM, Toki Komunikabideen Bateragunea

Sei entitateon artean, guztira 347 tokiko eta eskualdeko komunikabide batzen ditugu, sei milioi eta erdiko audientziarekin. Sektore ekonomiko ahaltsua osatzen dugu, ordainpeko 1.296 langile eta 2.213 kolaboratzailerekin, eta urtean ia 49 milioi euroko bolumen ekonomikoarekin.

Adierazten dugu

Tokiko eta eskualdeko komunikabideok herritarrok egiazko informaziorako, kulturarako, parte hartze sozialerako eta ohitura demokratikoetarako sarbidea sustatzen dugu, eta beraz, funtsezkoak gara dinamizazio eta demokrazia sozialerako.

Gezurrak eta erdi-egiak modu masibo eta interesatuan hedatzen eta erabiltzen diren testuinguru batean, tokiko eta eskualdeko komunikabideok gertuko kazetaritzan oinarritzen gara, bitartekaririk gabe eta errealitateari lotuta.

Kalearekiko zein herritarrekiko dugun gertutasunak funtsezko elementu bilakatzen gaitu tokiko eta eskualdeko komunikabideak gure aberastasun eta aniztasun sozial, kultural eta linguistikoa zabaldu eta zaintzeko.

Horrek guztiak onarpen eta aitortza maila handia ematen digu publikoarengandik, bestelako hedabideentzat pentsaezinak diren irismen eta onarpen tasekin. Sinatzen dugun elkarteetako komunikabideak 6.542.587 lagunengana iristen dira, euren errotze sozial handiaren erakusgarri.

Batera hartuta, tokiko eta eskualdeko komunikabideok sektore ekonomiko garrantzitsua osatzen dugu, urteko 48.961.000 euroko bolumena duena, eta 1.296 familiari lana eta bizibidea zuzenean ematen diena. Gainera, zeharka, gure hornitzaileen jarduera ekonomikoa ere sustatzen dugu, eta tokiko ekonomiak dinamizatzen nabarmen laguntzen duten produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditugu.

Tokiko ekonomien eragile gisa, tokiko eta eskualdeko hedabideak gogor pairatzen ari dira azken ekonomia eta osasun krisien zuzeneko eta zeharkako ondorioak, batez ere enpresa txikiak eta tokiko saltokiak desagertzeak publizitatean eragindako diru-sarreren beherakada.

Zailtasunak zailtasun, tokiko eta eskualdeko komunikabideok gure jarduera mantendu ez ezik, etengabe eraberritu ere egiten dugu, etengabeko aldaketa sozial eta teknologikoetara egokituz, beti ere zerbitzu publikoko bokazio argiaz eta gure herriko komunitatearekiko konpromiso sendoaz, ordainetan gure xede-publikoaren hazkunde jarraia jasotzen dugula.

Aldarrikatzen dugu

Estatuko administrazio publikoek kontuan hartu behar gaituzte tokiko eta eskualdeko komunikabideok, batez ere gaur-gaurkoz gure medioetan sekula ere egiten ez duten publizitate instituzionala txertatzeari dagokionez.

Estatu mailako publizitate instituzional hori komunikazio-eraginkortasun eta proportzionaltasun irizpideen arabera banatu behar da, beti ere tokiko errealitatearekin zuzenean lotuta, eta kontuan hartuta tokiko eta eskualdeko komunikabideek beren hedapen eremuetan duten irismen eta kapilaritate maila handia.

Beraz, estatuko administrazio publikoen konpromisoa eskatzen dugu gertuko informazioan espezializatutako tokiko eta eskualdeko komunikabideak beren publizitate inbertsioan sartzeko.

Era berean, eta azken ekonomia eta osasun krisiek gure sektorean izandako eragin zuzena zein zeharkakoa kontuan hartuta, eskatzen dugu krisien ondorioak arintzeko diru-laguntzak diseinatzerakoan kontuan har daitezela, era nabarmenean, tokiko eta eskualdeko komunikabideak, gure jarduerak eragin biderkatzailea baitu gure eragin eremuetako dinamizazio sozial, kultural eta ekonomikoan.

Azkenik, baina batere garrantzirik kendu gabe, garbi adierazi nahi dugu gure erabateko prestutasuna zein lankidetzarako borondatea eskaera horien inplementazio teknikoa ahal den neurrian erraztu eta lan horietan laguntzeko.

Getxon, 2023ko martxoaren 24an

Francesc J. Fàbregas Bonet
Presidentea
Associació Catalana de la Premsa Comarcal

Luis Peidro Payá
Idazkaria
Associació de la Premsa Comarcal Valenciana

Miguel Miró Oriola
Presidentea
Associació de Mitjans Digitals de la Comunitat Valenciana

Bartomeu Caldentey
Presidenteordea
Associació de Premsa Forana de Mallorca

Miquel Àngel Marquès Sintes
Idazkaria
Associació de la Premsa Local de Menorca

Alaitz Artolazabal Amilleta
Zuzendaria
TOKIKOM, Toki Komunikabideen Bateragunea

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.