Urteetako lan gogorraren ostean, iritsi da Matx kirol-proiektua jendaurrean aurkezteko eguna. Bihar arratsaldean egingo dugu aurkezpena, Donostian.
Matx kirol-aplikazio bat izango da. Kirola dinamizatuko du, gertukoa balioan jarriz, eduki freskoa eskainiz eta kirolzaleen, kirolarien eta kluben arteko harremanak erraztuz. Ikus-entzunezko edukiak, emaitzak, sailkapenak eta klubentzako digitalizazio erreminta ere izango da.
Tokikom sareak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak elkarlanean pentsatu eta landu dute egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Arduradunen esanetan, «gertuko kirol komunitate berri bat» sortzeko intentzioarekin garatu den «proiektu estrategikoa» da Matx.
Tabakalerako Z aretoan egingo da agerraldia 18:30etan eta proiektuko kideekin batera, bertan izango dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuordea Miren Dobaran eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Eider Mendoza diputatu nagusia. Federazioetako eta klubetako ordezkariak, kirolariak eta babesleak ere gonbidatu dituzte Matx-en aurkezpen-ekitaldira.