TOKIKOMek eta EiTB datu-kazetaritza elkarrekin lantzeko abian duten SARETZEN egitasmoak bere bosgarren alea kaleratu du gaur. Oraingo honetan, EAEko Irrati-Telebista publikoak eta euskarazko toki komunikabideek Hego Euskal Herriko etxebizitzen ezaugarriak hartu dituzte langai eta, datuen lanketa elkarlanean egin ostean, hedabide bakoitzak bere ikuspegitik zabalduko ditu ondorioak: EiTBk EAE mailako ondorioetan jarriko du fokoa, toki komunikabide bakoitzak bere ingurune hurbileko errealitatea lantzen duen bitartean.
Nolakoa da etxebizitza-parkea gure herri eta hirietan? Zenbat etxebizitza daude? Etxebizitza nagusiak al dira? Zein da gure etxebizitzen tamaina? Zenbatek dute igogailua? Gainera, jabetzak alokairuaren aldean duen pisua aztertzen du ikerketak, eta alokairuaren bilakaerari, etxebizitzen salerosketari, babes ofizialeko etxebizitzei eta prezioei buruzko datuak ematen ditu. Zein udalerritan daude metro koadro garestieneko etxeak? Zein da alokairuko etxebizitzaren batez besteko prezioa? Eta KPIarekiko alderaketa?
Etxebizitza-kalkulagailua
TOKIKOMeko medioek, gainera, ‘etxebizitza-kalkulagailu’ bat ere gehitu dute euren webguneetan. Hileko irabaziak sartuta, kalkulagailuak etxebizitza gastuetara gehienez bideratu daitekeen kopurua atera eta, eskualdeko prezioetan oinarrituta, erabiltzailea zer herritan bizi daitekeen adierazten du.
Toki-komunikabide hauetan dago jadanik SARETZEN informazioa argitaratuta, eta hurrengo egunotan beste batzuetan ere argitaratzen joango da: