TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, Goienako Julen Iriondorentzat

Goienarako lanean dabilen Julen Iriondo kazetariak irabazi du Andoaingo Udalak ematen duen Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 27. edizioko Sari Nagusia. Saritutako lana, lantaldearekin batera, Goiena telebistarako egindako dokumentala izan da, hiesdunen aldeko ekintzaile Jon Salaberri arrasatearraren gainean. Hiesak jota hil zen “ekintzaile ahaztuaren” gainean Joxe Arantzabalek egindako ikerketa lana —besteak beste, Puntua aldizkarian argitaratutako artikulua— du oinarri saritutako ikus-entzunezkoak.

RIKARDO ARREGI SARIAK. 27. EDIZIOA

Berriako Iñigo Astiz, Gaur8ko Mikel Ibargoien eta Berriako Samara Velte izan dira beste sarituak

TOKIKOMetik zorionak eman nahi dizkiogu Juleni eta Goienako talde osoari, eta aukera baliatu nahi dugu beste bazkideak ere animatzeko euren lanak sari honen hurrengo edizioetara aurkez ditzaten. Toki komunikabideetan oso kazetaritza lan ona egiten da, eta halaxe erakusten du Rikardo Arregi Kazetaritza Sari honek. Sariketaren historia luzean, behin baino gehiagotan agertu dira toki komunikabideetan egindako lanak:

  • 2015: Julen Iriondo (Goiena)
  • 2013: Ainara Argoitia (Barren), Euskalerria Irratia
  • 2011: Goienaren berregituraketa
  • 2010: Baleike
  • 2009: Ttipi-Ttapa
  • 2002: Leire Kortabarria (Goienkaria)
  • 1997: Ttipi-Ttapa
  • 1995: Jone Larrañaga (Aiurri)
  • 1994: Iñigo Arregi (Kontzejupetik)
  • 1993: Jon Mikel Arano, Mikel Albisu (Goierritarra)
  • 1992: Iñaki Iturain (Karkara)
  • 1991: Jon Andueza (Berrigara)
  • 1990: Jon Andueza (Arrasate Press)
  • 1989: …eta Kitto!

Esandakoa: TOKIKOMetik besarkada handi bat eta zorionik beroenak Julen Iriondo eta Goienako taldeari, eta animo besteei hurrengorako lanak aurkezteko lotsarik ez izateko!

Informazio gehiago eta saritutako lana Goienan bertan.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.