TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Etorkizunari begira jarrita, elkarren arteko sareak indartu ditugu toki komunikabideok Getxon

TOKIKOM euskarazko toki komunikabideen bateraguneak bere 10. urteurrena handikiro ospatu du ostiral honetan, martxoaren 24an, Getxon. Olatua Gurutzaontzien Terminalean, “Komunikabideak Etorkizuna Ehuntzen” izeneko jardunaldiak burutu dituzte, eta, bertan, ehundik gora ikus-entzuleren aurrean, nazioarteko eta Estatuko punta-puntako hainbat hizlari bildu dira, tokiko komunikabideek gizartean duten paper garrantzitsuari buruz hausnartzeko, komunikazio-sareen arteko lankidetzan sakontzeko eta etorkizuneko erronkei buruz aritzeko, hala nola digitalizazioa, adimen artifiziala, aisialdia, datu-kazetaritza eta demokrazia soziala.

TOKIKOM Jardunaldiak 2023

Goizeko 09:00etan abiatu dute saioa, Alaitz Artolazabal TOKIKOMeko zuzendariaren, Amaia Agirre Getxoko Udaleko alkatearen, bertoko Hiruka komunikazio-taldearen kudeatzaile Ziortza Merinoren eta Bingen Zupiria sailburuaren ongi-etorriarekin. Jarraian, Urko Aristi aurkezlearen gidaritzapean, demokrazia sozialaz aritzeko eta tokiko kazetaritzan sakontzeko hizlariek hartu dute hitza.

Jason Gibbins BBCko Local News Partnership eta Peter Sherlock Shared Data Unit sailetako ordezkariak izan dira jendaurrera agertu diren lehenengoak, eta Erresuma Batuko datu kazetaritzaren eta komunikabideen arteko elkarlanaz aritu dira. Gibbinsek azaldu du zer nolakoa den BBC eta tokiko komunikabideen arteko harremana, eta horrek sortzen dituen abantaila praktikoak aurkeztu ditu, hala nola astero 1.200 albiste produzitzea. “Lan gogorraren emaitza da hau, ikasketa prozesu baten ondorio. Printzipioz, oinarrizko helburua lortu dugu, hau da, tokiko demokrazia eta kazetaritza-trebetasunak bultzatzea”.

Sherlock, bere aldetik, datu-kazetaritzak irekitzen dituen aukerei buruz aritu da, eta, besteak beste, istorioak sortzeko aukerez gainera, nabarmendu du albisteen gardentasuna eta sinesgarritasuna ere bermatzen duela datuak erabiltzeak. Ildo horretan ere, nabarmendu du datuak aztertzea eta horietarako sarbidea izateak, nolabait, boterean daudenak kontrolatzeko aukera ematen duela.

Ildo horretan ere, Hegoaldeko Galesko barrutiari buruzko informazioa eskaintzen duen Caerphylly Observer agerkari digitaleko ordezkari Richard Gurnerrek tokiko komunikabideen eta BBCren arteko elkarlanaren nondik norakoak aurkeztu ditu, bere esperientzia propiotik abiatuta. Berea bezalako tokiko komunikabide txikien arteko elkarlana goraipatu du, eta tokiko istorio txikiak ere garrantzitsuak direlakoan, BBCrekin lortu duten hitzarmenari esker, txikitasunetik handitasunera salto egiteko aukera ahalbidetu diela azaldu du: “Local News Partnership egitasmoari esker, tokikook lantzen ditugun albisteei leku egiten zaie hedabide handietan”.

Bere aldetik, Tomas Bruvik Tokiko Egunkarien Elkarte Nazionaleko (LLA), Norvegiako toki komunikabideen elkarteko, Idazkari Nagusiak bere herrialdeko 110 egunkari baino gehiagoren arteko lankidetza-estrategia azaldu du, hala nola zer nolako bideak erabiltzen dituzten datu eta istorio partekatuei dagokienean. Lankidetza horren lehenengo emaitza izan zen hango immigrazioaren fenomenoa lantzea, askotariko istorioak lantzea ahalbidetu diena. Argitaratutako lanen oihartzun handia izan duten Estatu mailan, baina baita nazioartean ere, eta lortutako hori guztia azpimarratuta, iragarri du bide horretatik jarraitzeko hautua egin dutela, “NRK telebista-kate nazionalarekin zein tokiko komunikabideekin lankidetzan oinarritutako kazetaritza lantzen jarraitu nahi dugu, hori baita etorkizuna”.

Txanda horretan hitza hartzen azkenak izan dira Oihane Mateos EITBko ordezkari eta Iker Rincon Moreno Hiruka komunikazio-taldeko kazetari multimedia. Horiek EITB eta TOKIKOMeko bazkideen artean elkarlanean hauspotutako Saretzen proiektua aurkeztu dute, eta nabarmendu dute, besteak beste, zer nolako garrantzia duen komunikabideen arteko elkarlana datu-kazetaritzaren munduan sakontzeko eta, tokikotasunetik hasita, nazio ikuspegia izan dezaketen istorioak bilatzeko.

Rincon Morenok nabarmendu du tokiko kazetariek abantaila bat dutela gai zehatz bati buruzko datuen hausnarketa egiterakoan, dagokion komunitateari buruzko ezagutza “sakona eta zehatza” dutelako. Hala ere, azaldu du horiek ere zailtasunak izan ditzaketela mota horretako kazetaritzari heltzeko, egunerokotasuneko lan-erritmoaz gainera, baliabide eta espezializazio falta izan dezaketelako. Era berean, azpimarratu du ez dela gauza erraza Hego Euskal Herrian datu-kazetaritza behar bezala jorratzea, “datuak lortzea, askotan, ez delako lan samurra”.

Ildo horretan, Mateosek nabarmendu du EITB bezalako medio batentzat interesgarria egiten zaiola tokiko komunikabideen ikuspegia aintzat hartuta lan egitea, gai bat xehetu eta horri erpin askotatik heltzea ahalbidetzen duelako elkarlan horrek. Eta helburu hori du Saretzen egitasmoak: gai bat hartu, denen artean landu, eta nazio mailako euskal agenda mediatikoan txertatu, lehenengo kolpean Hego Euskal Herriko bilakaera demografikoa aztertu zutenean bezalaxe. “Bide horretan jarraitzeko gogo handiz gaude, lanean segitzeko eta sarea egiten jarraitzeko”, bukatu du Mateosek.

Atsedenaldiaren ostean, Bea Narbaiza EHUko IKUSIKER ikerketa-taldeko kideak kazetaritzak entretenimenduaren esparruan gaur egun duen egoera aztertu du. Hala, besteak beste, gazteek ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eta IKT edo Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzeko dituzten ohiturak zerrendatu ditu, “haiek direlako aldaketen motore, eta aldaketa horiek, azkenean, guregana ere heltzen direlako”. Modu horretan, azaldu du haien ikerketako abiapuntua izan zela egiaztatzea ea berdinak ziren gazte guztien joerak, eta, hori ikertzeak, panelen metodologiari ekin ziotela. Era berean, Interneten eta IKT teknologien erabilera nabarmendu du, “lehen eskolak gailurik gabeko eremuak ziren eta, gaur egun, Interneta guztiz integratuta dago hezkuntza eremuan, gazteen ohituretan egundoko eragina izanez”.

Azkenik, digitalizazioak kazetaritzan duen garrantziaz hitz egin dute Avelino Amoedo EHUko irakasleak eta ikertzaileak eta Karma Peiró Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan adituak.

Lehenengoak Reuters Institutuaren “Digital News Report” txostena aurkeztu du, non albiste eta eduki kontsumoen joera eta erronka globalak aztertu diren. Nabarmendu du komunikabideen kontsumoak eta albisteen interesak behera egin duela, “zehazki, interesa % 85etik % 55era jaitsi da”. Azaldu duenez, beherakada horren arrazoietako bat da Espainiako Estatuko pertsona gehienek uste dutela komunikabideak ez direla independenteak eta interes politikoak eta enpresa-taldeak dituztela haien atzetik. Era berean, herritarrek fake news edo gezurrezko albisteei buruz duten pertzepzioa “handia” dela nabarmendu du.

Peirók, berriz, egunotan denon ahotan dagoen adimen artifizialak tokiko kazetaritzan ekar ditzakeen aukerak eta erronkak azaldu ditu. Azpimarratu duenez, kazetaritza hainbat modutan landu daiteke adimen artifizialaren bitartez: “Ikustaldiak edota posizionatzeko gailuak automatizatu ditzakegu, albisteak erakargarriagoak bihurtu irudi eta bideoak sortuz edota lerro buru bat bilatu txio bat sareratzeko”. Bestalde, ahotsen transkripzioak egiteko ere oso lagungarria izan daitekeela nabarmendu du, baita audientzien parte hartzea hauspotzeko ere, “eta dagoeneko ildo horretan esperimentatzen ari dira”.

Halaber, Peirók adierazi du adimen artifizialak aukera asko zabaltzen dizkiela tokiko hedabideei, baita kazetaritzaren munduari orokorrean ere: “Beldurra kendu behar diogu, eta jakin behar dugu nola erabili adimen artifiziala ahalik eta hoberen, ematen dizkigun aukerak ondo aprobetxatzeko”.

Aditu eta espezialisten hitzartzeen ondoren, Espainiako Estatuko tokiko komunikazioko sei elkartek manifestu bat aurkeztu eta sinatu dute, elkarren artean lankidetzan aritzea adostuz eta Estatuko administrazioei publizitate-aurrekontuak egiterakoan haien hedabideak kontuan hartzeko eskatuz.

Azkenik, jardunaldiei amaiera eman aurretik, Pernan Goñi ilustratzaileak goizean zehar irudikatutako akta grafikoa eta ondorioak aurkeztu ditu. Jarraian, 13:45ak aldera, TOKIKOMeko zein erakunde publikoetako ordezkariek hitza hartu dute, eta TOKIKOM 10. urteurreneko ikuskizunari eman diote paso.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.