TOKIKOM Sariak 2017. Saridunak. 1

TOKIKOM Sariak 2017

2016an hasitako bideari jarraiki, 2017ko urriaren 27an TOKIKOM Sarien bigarren edizioko sari banaketa egin genuen  Usurbilgo Sutegi Auditorioan. Euskarazko komunikazioaren arloko 70 lagun inguru batu ziren ekitaldira, hainbat erakundetako ordezkariekin batera.

Publizitate saria, Erronkariko Gaztarentzat

Publizitatea euskaraz egiteak duen balioa aldarrikatu eta iragarleak euren kanpainak euskaraz egitera bultzatzeko asmoz, Publizitate saria eman du aurten lehenengoz TOKIKOMek, urtean egindako euskarazko iragarkirik onena saritzeko asmoz.

Epaimahaia osatu duten Kike Amonarriz Gorriak, Estitxu Garai Artetxek eta Zuriñe Elordi Romerok adostu dute lehen publizitate sari hau Erronkariko Gazta sustatzeko telebistarako spotari ematea. Labrit Multimediak aurkeztutako lanean honako alderdi hauek nabarmendu ditu epaimahaiak:

  • Aspaldiko euskalkiak amu moduan betetzen duen funtzioa
  • Iragarkiak ondare gastronomikoa eta kulturala lotzeko egiten duen ariketa
  • Bailararen inguruan ematen duen ikuspegi gaurkotu eta anitza
  • Adin zein sexu aniztasun eta berdintasuna zaintzeko ahalegina

Iragarkirik onena

Erronkariko Gazta (ikusi spot osoa hemen)

Kazetaritza lanen kalitatea

Kazetaritza sariak emateko epaimahaia Maria Gonzalez Gorosarrik, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatu dute. Hiru epaimahaikideak bat etorri dira aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmentzean, eta azpimarratu dute harribitxi bat baino gehiago topatu dutela, hala gaien aukeraketari zein tratamenduari ere dagokionez.

Hiru sari eman dira kategoria horretan:

  • AZALIK ONENAREN SARIA Uribe-Kostako Hiruka astekariak aurkeztutako ‘Itsasadarrean, bizirauten’ lanarentzat izan da, argazkiaren kalitatea zein portadako elementuen diagramazio garbi eta orekatua kontuan hartuta.
  • EDUKIRIK ONENAREN SARIA, Durangaldeko Anboto astekariak aurkeztutako ‘Martxoak 31’ monografikoarentzat izan da. Durangoko bonbardaketaren urteurrenaz jarduteko erabilitako formulen aniztasuna, lekukotzen eta kolaborazioen aberastasuna, eta tratamendu grafikoa ere nabarmendu ditu epaimahaiak.
  • IKUS-ENTZUNEZKORIK ONENAREN SARIA Zumaiako Baleike aldizkariak jaso du, ‘Tapa-Pala’ bideo-sortaren bigarren denboraldiagatik. Iazko edizioan aipamen berezia jaso zuen arraunaren inguruko bideo kanalak, medio gutxirekin egindako zabalkunde lan eder eta mamitsuagatik. Aurten, gainera, alde teknikoan egindako hobekuntzek harritu dute epaimahaia: planoen aukeraketa, argiztapena, grafismoa…

Azalik onena

Hiruka Astekaria (Uribe-Kosta, Bizkaia), Itsasadarrean, bizirauten.

Edukirik onena

Anboto Astekaria (Durangaldea), Martxoak 31.

Ikus-entzunezkorik onena

Baleike.eus (Zumaia, Gipuzkoa), Tapa-Pala II”.

Bi aipamen berezi, Hiruka eta Puntuarentzat

Aipatu bezala, epaimahaiaren iritziz nabarmantzekoa izan da aurkeztutako lan guztien kalitatea. Hori dela eta, bi aipamen berezi ere egin nahi izan dituzte:

  • HIRUKA astekariaren udako ale berezia. Uribe Kostako astekariak zenbaki berezi bat atera zuen udan, herriz herriko jai guztien egitarauak batuz. Egitarau hori, gainera, internetera ere eraman zuen, mapa interaktibo batera. Informazioari trataera transmedia emateko ahalegin hori aitortu nahi izan du epaimahaiak aipamenarekin.
  • PUNTUA astekariaren genero berdintasunarekiko konpromisoa. Hainbat lan aurkeztu ditu Puntuak sariketa honetara, eta epaimahaiak goraipatu nahi izan du lan horietan zeharka ikusten den genero berdintasunaren aldeko konpromiso praktikoa. Aurtkeztutako lanen artean bada genero berdintasunari buruzko monografiko bat, komunikabideentzako gidaliburutxo bat gai hauen inguruan, ekainaren 28an argitaratutako zenbakia eta haren portada berezia…

Aipamen berezia

Hiruka (Uribe-Kosta, Bizkaia), Udako ale berezia.

Aipamen berezia

Puntua (Debagoiena, Gipuzkoa). Genero berdintasunarekiko konpromisoa

Babesleak

 

 

 

  

TOKIKOM Sariak 2017. Saridunak. 3