TOKIKOM Sariak 2019

TOKIKOM Sarien laugarren edizioa Basaurin egin dugu 2019ko azaroaren 15ean, Ibaigane Kultur Etxean. 80 lagun inguru batu ginen ekitaldian, eta albiste faltsu eta zurrumurruen inguruko hausnarketa ere baliatu dugu goiza.

Hauek dira bertan saritutako lanak.  Kategoria bakoitzeko finalista guztiak ere hemen daude ikusgai.

Eguneko argazkiak

Azalik onena. Puntua: “Antropozenoa”

Sarritan, irudi sinple batek hamaika berbak baino gehiago konta dezakete, eta horixe da epaimahaiak saritutako azalaren kasua. Diseinu arriskatu eta modernoa erabiliz, oso elementu gutxirekin jokatuz, azal honek irudi indartsua sortu du, ikuslea hunkitzera ere iristen da. Hunkitze horretan paper garrantzitsua jokatzen du elementuen disposizio orekatu eta zainduak, osotasunari oso ukitu dotorea ematen diona.

Horregatik guztiagatik, TOKIKOM Sarien epaimahaiak erabaki du 2019ko azalik onenaren saria Puntua aldizkariak aurkeztutako ‘Antropozenoa’ lanari ematea.

Edukirik onena. Kronika: “Urik gabeko urtegi, orain laborategi”

Gertuko aktualitateak helduleku ezin hobea eskaintzen du auzi globalen inguruan informatzeko, abstraktuak iruditzen zaizkigun arazo urrun horiek egunerokoan eta etxetik gertu duten eragina erakusten laguntzen digutelako. Saritutako lanak horixe egin du: Artikutzako Ernobieta urtegiaren hustutzetik abiatuz, erreportaje eredugarria landu du, gaiaren trataera sakona eginez, tokiko eraginetik abiatuta baina hartara mugatu gabe. Horretarako, hainbat kazetaritza genero uztartu, eta pieza osoari dokumentazio balio aparta ematen dioten iturri anitz eta ondo jantziak erabili ditu.

Beraz, TOKIKOM Sarien epaimahaiak erabaki du 2019ko edukirik onenaren saria Urumeako Kronikak aurkeztutako “Urik gabeko urtegi, orain laborategi” lanari ematea.

Ikus-entzunezkorik onena. Goiena: “Debagoiena Eraldatzen”

Kasu honetan ere, gizarte osoari eragiten dioten problematikak gertuko errealitatetik abiatuta aztertzeko hautua goraipatu du epaimahaiak. Plano lokala eta globala oso ondo uztartzen ditu bideo sorta honek, alde teknikotik, gainera, faktura bikainarekin: enkoadreak, argiztapena eta soinu kalitatea bikain zainduta. Errealizazioa eta muntaketan, gainera, oso hautu originalak egin dituzte sortzaileek, eta elkarrizketen arteko loturei balio handiko elementu narratiboak erantsi dizkiete, metafora bisual ederrak sortuz.

Hori dela eta, TOKIKOM SARIEN epaimahaiak erabaki du 2019ko ikus-entzunezkorik onenaren saria Goienak aurkeztutako “Debagoiena Eraldatzen” bideo sortari ematea.

Aipamen berezia. Hiruka: “Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina”

Toki komunikabideetan oso gutxitan lantzen den generoa izanda, Hirukako lagunek oso argi utzi dute lan honekin nagusiki irudiak erabilita ere ederto konta daitezkeela istorioak, are gehiago irudi horiek lan honetakoak bezain zaindu eta ederrak baldin badira. Lan zehatz honen bikaintasuna goraipatzeaz gain, epaimahaiak kazetaritza genero honen aldeko aldarria ere egin nahi izan du, eta horregatik erabaki du aipamen berezia ematea Hirukak aurkeztutako “Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina” argazki-erreportajeari.

Aipamen berezia. Anboto: “Martxoak 31”

Beste sarietan ere aipatu dugun moduan, hitza da komunikabideen lanabes nagusia, baina sarritan gertatzen da irudiak berbak baino eraginkorragoak suertatzen direla ideiak transmititu edo istorioak kontatzeko. Epaimahaiaren arabera, horixe da Irati Egurenek sortutako “Martxoak 31” ilustrazioaren kasua. Hitzik erabili gabe, azal adierazgarri bezain hunkigarria osatu zuen, irudi bakar batean istorio oso bat kontatuz. Hori dela eta, Tokikom Sarien epaimahaiak erabaki du aipamen berezia ematea Anbotok aurkeztutako “Martxoak 31” azalari.

Antolatzailea

Laguntzailea

Babesleak