TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain: “Hedabideetako joera nagusiak: arriskuak eta aukerak euskal hedabideentzat”

HUHEZIn Komunikazioaren alorrean diharduten Aitor Zuberogoitiak eta Eneko Bidegainek ‘Hedabideetako joera nagusiak: arriskuak eta aukerak euskal hedabideentzat’ izenburupean egin zuten hitzaldia. Hona hemen, hainbat esan.

Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain: “Hedabideetako joera nagusiak: arriskuak eta aukerak euskal hedabideentzat” 1

HUHEZIko Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain. Argazkia: GOIENA. cc-by-sa

Aitor Zuberogoitia (HUHEZI)

(Jardunaldiak baino lehen artikulu mamitsu hau ere argitaratu zuen bere blogean, gaiarekin erabat lotuta)
“Euskarazko tokiko hedabideek norabide askoren truke horretan, ahots ugaritasunaren erdian aurkitu behar dute euren lekua”

“Paperetik multimediarako trantsizioan jarraitu behar dute, dagoeneko aintzat hartzeko ahaleginak egin dituzten arren. Horretan segitu behar dute, nahiz eta negozio eredua oraindik ez dagoen batere argi Interneten, are gehiago, komunikazio munduan lanpostuak suntsitzen dituenean gainera”

“Kontestua zaila da, krisi ekonomikoa ere gogor ari dela astintzen bazterrak, euskarazko hainbat hedabide txiki desagertu dira, eta talde handiagoak ere sufritzen ari dira, paperezkoak eta ikus-entzunezkoak; EB bera ere gorriak ikusten ari da”

“A ze paradoxa: hedabideak sufritzen eta irudiak non nahi; inoiz baino gehiago kontsumitzen dira ikus-entzunezkoak”

“Poxpoloa piztuko dugu paralelismo batekin. 80ko hamarkada oso gogorra izan zen Euskal Herrian, baina kontestu horretan gakoa izan zen autoedizioen sorrera. Orain ere panorama latza dugu eta aldaketa teknlogikoak baliaru behar ditugu”

“Adimena zorroztu eta arriskatzera behartuta daude aurrekontu handiagoa dutenekin lehiatu behar duten hedabideei”

Eneko Bidegain (HUHEZI)

GAUR8n egin zioten elkarrizketa eta blogean jardunaldien ostean argitaratutakoa ere interesgarri suerta dakizkizuke.

“Kazetariak gero eta gutxiago egon behar du erredakzio batean itxita, mugikorra izan behar du, kalera irten eta zuzenean konta dezake gertatzen ari dena, twitter bidez: argazkiak atera, bideoa grabatu eta informazioa eman”

“Zalantza: denek zabaldu ditzakegu eduki horiek. Kazetaritza ofizio izatetik afizio izatera pasako da? Kazetaritzak behar du profesioa, gaiak lantzea delako eta horrek denbora eskatzen du. Uste dut kazetari profesionalak baduela tokia gizarte honetan”

“Ofizioa mantentzea da berme bat jakiteko profesionalak izango direla informazio bila joan eta horren berri emango digutenak”

“Markek gero eta garrantzia gutxiago dute informazio kontsumitzeko ohitura berrietan. Tresna berriekin, jendeak segituko ditu kazetariak, sailak… ez zehazki hedabide bat. Euskal hedabideen sektore osoa berregituratu beharko da testuinguru horretan”

“Sormenari eta berrikuntzari bide emanda ere nahikoa lan izango da, gazteek oso garesti produzitutako bideoak ikusten dituztelako”

“ETB indartsu bat beharrezkoa da eta hainbat aldaketa proposatzen dutugu: independentzia blindatzea edozein aldaketa politikoren gainetik; baliabide gehiago bideratzea euskarazko kateetara; ahots propioa bilatzea eta formatu berrietan arakatzea, kontuan izanik ikus-entzuleek zer nahi duten”

“Arriskatu egin behar da eta irizpideak markatu: zertan izan daiteke lehiakorrago? Zer du zailago?”

“Talde lokalen eta nazionalen arteko elkarlanari dagokionean, indarrak batzea beharrezkoa da. Ba al du zentzurik kate lokal batek 24 ordutan emititzeak?… galdera horiek hor daude”

“Ez dugu dudarik euskal hedabideek egingo dituztela euren lanak, baina funtsezkoa da euskal komunitatea handitzea. Euskarazko heabideek beti izango dute ahulezia bat, eta ezinbestekoa dute administrazioaren laguntza. Urteroko ziurgabetasunarekin bukatu behar da, horretan administrazioak badu zer esan”.

Testua: Goiatz Arana (GOIENA). cc-by-sa

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.