TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

“.eus” domeinu izenak merkeago tokiko negozio txikientzat

  • Herrietako merkatari txikiek eta euskarak berak interneten duten presentzia areagotzea dute xede

  • Merkatariek 15 euroan lortu ahal izango dituzte .EUS domeinu-izenak, toki komunikabideetako gida komertzialekin batera erabiltzeko.

.EUS domeinua kudeatzen duen irabazi asmorik gabeko PuntuEUS Fundazioak eta Euskal Herri osoko euskara hutsezko 60 komunikabide batzen dituen TOKIKOM enpresak akordioa sinatu berri dute, euskarak interneten duen presentzia elkarlanean areagotzeko, .EUS domeinuaren zabalkundea sustatuz TOKIKOMeko bazkideen bidez.

Merkatari txikientzako erraztasunak

Josu Waliño eta Alaitz Artolazabal, hitzarmena sinatzeko unean

Josu Waliño eta Alaitz Artolazabal, hitzarmena sinatzeko unean

Akordioaren lehen emaitza herriz herriko merkatari txikiei zuzendutako ekimen berezia da. Kanpaina horri esker, PuntuEUSek eta TOKIKOMek erraztasunak emango dizkiete merkatariei interneten presentzia izateko, toki komunikabideen gida komertzialen bidez.

Hala, gida komertziala martxan duten toki komunikabideek aukera eskainiko diete merkatariei, .EUS domeinu-izen bat 15 euroan erosi eta/edo berritzeko, gida komertzialeko haien orriarekin lotzeko. Domeinuon merkatuko prezioa 50 eurotik gorakoa da gaur-gaurkoz.

TOKIKOMeko zuzendari Alaitz Artolazabalek azaldu duenez, “TOKIKOMek tokian tokiko eragileetan ditu bere erroak, eta konpromiso sendoa du tokiko eragileekin. Herrietako dendari txikiak toki komunikabideen aliatu naturalak dira, eta guretzat poz handia da denda txikiei internetera salto egiteko laguntza eskaini ahal izatea”.

Josu Waliñok, PuntuEUS Fundazioaren zuzendariak, azpimarratu du akordio honek eragin bikoitza izango duela: “Dendari txikien presentzia digitala .EUS domeinuen bidez bultzatuz, euskararen esparru digitala ere hedatuko dugu. TOKIKOMeko bazkideek osatzen duten sare zabala horretarako baliatzea oso emankorra izango da gure ustez”.

Aitzindariak Zumaian, Soraluzen eta Debagoienan

Behin hitzarmena sinatuta, toki komunikabideak berehala hasiko dira eskaintza honen berri ematen tokian tokiko dendariei. Momentuz, Zumaiako BALEIKE.EUS, Soraluzeko PLAENTXIA.EUS eta Debagoienako GOIENA.EUS agerkariak izango dira aitzindariak, baina laster batuko zaizkie beste batzuk ere.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.