Goiena Komunikazio Taldeak ekoitzitako Kulturrizketak elkarrizketa saioak jaso du Andoaingo Udalak deitutako Rikardo Arregi kazetaritza saria. Epaimahaiaren esanetan, “Europako edozein telebistak izan lezakeen saio modernoa da” Goiena telebistak egindakoa. “Bizi garen garai bizkorretan pausaldia egiteko aukera ematen du modu atsegin eta entretenigarrian, eta, aldi berean, arinkeriatik urrun. Ikus-entzulea berehala harrapatzen du elkarrizketak, solasean ari direnak zeinahi izan. Bestetik, saioak ez du adin edota sexu bereizketarik egiten, ondo orekatuta dago edozeinek abaro egin dezan bertan. Saioa borobila da, hasieratik amaieraraino. XXI. mendeko telebista profesional eta moderno batek izan beharko lituzkeen elementuak ditu Kulturrizketak saioak”.
Formari dagokionez, balio handiko saioa dela uste dute: “Oso erraz jarraitzen da, oso xamur korritzen du elkarrizketak, baina, emaitza hori izan dadin, atzetik, edo aldez aurretik, gidoigintza eta edizio lan handia dago eginda. Eszenategiaren erabilera modernoa ere aipagarria da. Azken emaitza, bistan denez, magikoa da”.
Kontrastera jartzen diren ikuspegien kasuan, “aldi berean kontrajarriak eta osagarriak” direla uste dute. Hori horrela: “Aldi berean, freskoa eta serioa da saioa, gai sakonak modu errazean entzun eta jarraitzeko eran eskaintzen dituen saioa baita. Apaltasunetik eta harrokeriarik gabe egindako saio profesionala da oso Kulturrizketak. Gaurkotasun betea duten gaiak aztertzen dira, nahiz eta agenda komertzialetik kanpo dauden gaiak izan”. Epaimahaiak azpimarratu du saioak Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak euskarazko kazetaritzan sustatu nahi dituen balioak erabat betetzen dituela, hots: “kalitatea, garaian garaiko beharrizanetara egokitua izatea, modernotasuna, bikaintasuna, berrikuntza eta eredugarritasuna”.