TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

‘Latxe’ haurrentzako aldizkaria kalean, Urumeako Kronikaren eskutik

Urumeako Kronikak haurrentzako aldizkari berria aurkeztu du. Latxe du izena, Urumea ibaiak bustitzen duen bailaretako baten izena, alegia, eta zero zenbakia kalean da dagoeneko.

Irakurtzeko euskarazko aldizkaria da Latxe, jolas, ekintza eta denbora pasa parte hartzaileekin uztartzen dena. Urumea bailarako ondarea, ohiturak, ezaugarriak eta ahozkotasuna lantzen ditu bere orrialdeetan.

‘Latxe’ haurrentzako aldizkaria kalean, Urumeako Kronikaren eskutik 1

Udalekuetako umeek Burruntziren bisita jaso dute.

Eta azkenik, aniztasun sozialean eta balioetan hezteko ezaugarriak ditu bere baitan: protagonistak berak, Burruntzik, hegalak hautsita ditu eta oso erraz galtzen da. Bidean lagun asko egingo ditu eta asko ikasiko du beraiekin. Esate baterako: Floridako dortokak jatorri eta bizitokiak erakutsiko dizkio; Kattagorriak, gorra izanik, zeinu hizkuntza nola erabili erakutsiko dio; baina bidean bestelako animaliaren batekin ere egingo du topo, Erbinudearekin hain zuzen, eta azkar ibili beharko du Burruntzik, erbinudeak oiloak hil eta arrautzik gabe geratu nahi ez badu.

Uztailean argitaratu da Latxeren 0 alea, eta Astigarraga, Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizuetako umeen artean zabaldu da. Guztira, 700 ale inguru banatu dira. Udaleku irekiak, aukera bikaina izan dira ume guztiak bildu eta aleak banatzeko. Sorpresa txiki bat ere izan dute haur hauek. Izan ere, Latxeko protagonista bera, Burruntzi, joan zaie bisitan;  eta aldizkariak ez ezik, makina bat muxu eta bosteko ere banatu ditu denen artean.

Hilabetero-hilabetero Burruntziren abenturak segi ahal izateko, Kronikalari txiki egin beharko dute irakurle txiki hauek, eta urtean 24€ren truke, beraiek eskatutako Kronikako ohiko puntuan jaso ahal izango dute bere hilabetekaria. Horretarako, Hernaniko Larramendi kalea 11ko bulegotik pasa, 943 33 08 99ra deitu edo latxe@kronika.eus helbidera idaztea nahikoa izango da.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.