TOKIKOMek TOKIKOM Sariak antolatu ditu laugarrenez, euskarazko toki komunikabideen lana aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz.
Toki komunikabideek ekarpen handia egiten diote komunitateari, ikuspuntu informatibotik zein komunitatearen dinamizazioaren ikuspegitik. Hala ere, bigarren mailakotzat jotzen dira sarritan, eta ekoizten duten edukia ez da oso ezaguna beraien eragin esparrutik kanpo.
Dinamika hori aldatu eta komunikabide txikion ekarpena azpimarratu eta gizarteratzeko, TOKIKOMek TOKIKOM Sariak sortu zituen 2016an. Harez geroztik, urterik urte, sariok argi utzi dute toki komunikabideetan ere punta-puntako kazetaritza egiten dela, hala paperean nola sarean zein ikus-entzunezkoetan.
2019an ere, hiru sari banatuko ditu TOKIKOMek, azken urtean euskarazko tokiko edozein komunikabidetan argitaratutako lanentzat:
- Azalik onena
- Edukirik onena
- Ikus-entzunezkorik onena
Lanak aurkezteko epea zabalik dago 2019ko irailaren 13ra arte. Proposamenak edonork egin ditzake, aurkeztutako lanen egilea izan zein ez. Sariketaren oinarriak TOKIKOMen webgunean daude irakurgai, eta aurkezpena bera ere webgunetik bertatik egin behar da.
TOKIKOM Sariak azaroan banatuko dira, komunikazio taldea propio prestatzen ari den ekitaldian.