TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Euskal Herriko txirrindularitzari jarraipena gertutik TOKIKOMeko komunikabideetan

2022ko txirrindularitza denboraldia hasi berritan, eta Euskal Herriko Itzuliaren atarian TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, eta Txirrindulariak Web webguneak, Euskal Herriko txirrindularitzaren erreferenteak, hitzarmena sinatu dute, kirol horren zabalkundea handitzeko.

Hitzarmenari esker, Euskal Herriko ziklismoaren harrobian egiten dabiltzan lana bertatik bertara bistaratuko dute TOKIKOMeko medioek.  Horrela, zabalkunde handia emango zaie kategoria txikietako lasterketei, baita amateur mailako Lehendakari Txapelketa, Euskaldun Txapelketa, eta Emakumezkoen Euskaldun Txapelketari ere.

Euskal Herriko txirrindularitzari jarraipena gertutik TOKIKOMeko komunikabideetan 1

Argazkiak: Naike Ereñozaga.

Hitzarmenaren arabera, Txirrindulariak Webek Euskal Herri osoko errepideko txirrindularitza lasterketen irudiak eskainiko dizkie TOKIKOMeko komunikabide guztiei, bakoitza bere eremuan txirrindularitzaren inguruko edukiak sortu eta zabaltzea errazteko.

Horrez gain, eta Beterri-Buruntzako Aiurri toki komunikabidearen ahaleginari esker, Euskal Herriko Itzuliak dirauen egunetan TOKIKOMeko komunikabideek egunero izango dituzte eskura Andoni Urbistondo kirol kazetariak egindako kronikak, Itzulian gertatzen denaren berri Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzeko.

Txirrindulariak Web duela 12 urte sortutako hedabidea da, eta denbora horretan Euskal Herri osoko maila guztietako txirrindularitza lasterketa guztien lekuko izan da. Azken urteetan bere presentzia geroz eta nabariagoa da Euskal Herri osoko probetan, eta egun erreferente nagusia da egutegiko lasterketa guztiak jarraitzeko eta etorkizuneko txapeldunak ezagutzeko.

TOKIKOM, berriz, 76 toki komunikabidek osatutako taldea da, Euskal Herri osoko 307 udalerritan presentzia duena. Hitzarmen honen bidez, hala TOKIKOMek nola Txirrindulariak Webek espero dute txirrindularitzaren presentzia publikoa areagotu eta toki komunikabideen eduki eskaintza aberastea.

 

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.