TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

2019an %36 hazi da TOKIKOMeko webguneen kontsumoa

  • Euskarazko hedabideen sektorean %19koa izan zen hazkundea

  • Maiatzean, udal hauteskundeen ondorioz, 3,8 milioi alditik gora ikusi ziren toki komunikabideen webguneak.

  • Mugikorrak erabat nagusitu dira kontsumoan: 10 bisitatik 7 iristen dira sakelakoetatik

TOKIKOM 2018-2019 ORRIALDEAK

Ikusitako orrialde kopurua %36 hazi zen TOKIKOMeko webguneetan 2018tik 2019ra

Urtetik urtera, etengabe sendotzen doa TOKIKOMen kanal digitala, eta beldurrik gabe esan dezakegu TOKIKOMeko bazkide diren toki komunikabideen edizio digitalek osatzen dute sarea oinarri-oinarrizko azpiegitura dela euskarazko edukien eguneroko kontsumoan. 2019ko trafiko datuak aztertuta, kopuruak oso esanguratsuak dira benetan.

36,4 milioi orrialde urtean

2019an, TOKIKOMeko bazkideen webguneek 36.380.205 orrialde erakutsi zituzten guztira, 2018an baino %36 gehiago. Hilabeteko batez bestekoa 3 milioika izan zen, baina, aurreikusi zitekeen moduan, maiatzean goraldi nabarmena izan zen, udal hauteskundeen bueltan (3,8 milioi orrialde), eta abuztuan berriz, ahapaldia, udako oporrekin lotutakoa (2,3 milioi).

2019an %36 hazi da TOKIKOMeko webguneen kontsumoa 1

TOKIKOMeko webguneetan 2019an ikusitako orrialdeak, hilabetez hilabete.

400.000 erabiltzailetik gertu

Erabiltzaile kopuruari dagokionez, horrek ere hazkunde nabarmena izan du, hilabetero 399.025era iritsita. Bisiten batez besteko iraupena ere luzatu egin da, bi minutu pasatxora iristeko. 2019an 122 segundukoa izan da batez bestekoa, eta 119koa 2018an. Atal  honetan nabarmentzekoa da badirela hainbat komunikabide batez besteko hori aise gainditu dutenak:

Errebote tasa, webgunera iritsi eta berehala alde egiten duten erabiltzaileen portzentajea ere, puntu bat murriztu da: 2019an, 64,8tik 63,6ra pasatuz, eta bisita bakoitzeko ikusitako orrialde kopurua ere apur bat hobetu da: 2,13tik 2,21era igoz.

Laburbilduz, datuen irakurketa oso positiboa da: 2019an, 2018an baino %36 gehiago izan dira toki komunikabideetara hurbildu diren erabiltzaileak, haietako bakoitzak orrialde gehiago irakurri ditu, eta denbora gehiago pasatu du webguneotan. Toki komunikabideetan egiten den lanaren kalitatearen eta erakargarritasunaren adierazgarri argiak dira.

Facebooken eta sakelakoen pisua

TOKIKOM 2019 TRAFIKO ITURRIAK - ABENDUA

Bisiten jatorria 2019an. %40 bilatzaileen bidez iritsi ziren, eta %27 Facebooketik

Euskarazko komunikabideak, eta zehazki tokikoak, ez daude nazioarteko joeretatik libre. Webguneetako trafikoaren analisian ere argi geratzen da hori.

Hala, 2019an TOKIKOMeko webguneetara iritsi ziren bisiten %40 baino gehiago bilatzaileetatik iritsi ziren. Fenomeno honen azalpena da honezkero erabiltzaile gehienek, hedabidearen helbidea idatzi baino, bilatzailean sartzen dutela zuzenean webgunera iristeko. Datu zehatzik ez badugu ere, susmoa dugu bilatzaileen bidezko trafiko gehiena horrela iristen dela.

Bilatzaileen ondoren, bigarren iturri nagusia Facebook sare soziala da. Mark Zuckenbergen sare polemikoak TOKIKOMeko bisiten laurden bat baino gehiago ekarri zuen iaz. Ondoren, hurrengo iturririk handiena trafiko zuzena da (%21,6), eta Twitter sare ezagunak bisita guztien %7 baino ez zuen eragin.

Bestalde, webguneetan sartzeko gailuei erreparatuz gero, etengabe hazten jarraitzen du sakelako telefonoek trafiko osoan duten pisua. 2018ko amaieran bisiten %64,5 egiten zen gailu mugikorretatik, eta abenduan kopuru hori %71,43koa zen batez beste TOKIKOMeko komunikabideetan. Ordenagailu arruntak bisiten laurden bat inguru dira, eta tabletak %4 baino gutxixeago.

171 eduki egunero

TOKIKOM 2019 GAIAK

Plataformako webguneetan behintzat, 2019an Gizartea, Kultura eta Kirola izan ziren eduki gehien izandako atalak

TOKIKOMeko komunikabide digitalen ekoizpenari dagokionez, TOKIKOM Plataformaren azken bertsioa erabiltzen duten webguneek guztira 62.416 eduki argitaratu zituzten 2019an, hau da 171 eduki egun bakoitzeko, batez beste.

Eduki horien artean gehienak artikuluak izan ziren (%56), ondoren agendako sarrerak (%19) eta argazki galeriak (%8). Nabarmentzekoa da eduki multimediaren pisua: galeriak, audioak eta bideoak sortutako eduki guztiaren %23 izan ziren.Gaiei dagokienez, Gizartea, Kultura eta Kirolak izan ziren gehienetan landu zirenak, argitaratutako edukien %40, %22 eta %17a osatuz.

Apustu egokiaren emaitza

TOKIKOMen oso pozik gaude datuok erakusten dituzten joerak ikusita: TOKIKOM gorpuztu ondoren bazkideei egin genien lehenengo proposamena edizio digitalak ateratzeko bakoitzak bere aldetik egiten zituen ahaleginak bateratzea izan zen. Buruhauste eta lan asko ematen badigu ere, datuek argi erakusten dute apustu egokia izan zela: euskarazko medioen batez bestekoaren gainetik hazten ari gara urtez urte, eta hori oso seinale ona da. Historikoki, euskarazko toki komunikabideak sortzeko arrazoi nagusienetako bat euskarazko edukien kontsumoa areagotzea da, eta zenbakiok argi uzten dute zeregin horri ondo erantzuten diogula.

Zenbakietatik harago, edizio digitaletan egindako lanak ireki dizkigun bideak ere azpimarratu beharra dago. Elkarlanerako eta berrikuntzarako kultura bat zabaltzen ari gara pixkanaka-pixkanaka, eta hainbat alderditan punta-puntako medioak garela esan daiteke:

  • publizitaterako kanal digitala,
  • kudeaketa aurreratuan egiten ari garen aurrerapausoak
  • EiTB eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lantzen ari garen EuskalPMP proiektua
  • Ttap eta Zut aldizkari digital natiboak sortu izana…

Tradizioz arazo edo desabantaila gisa bizi izan dugun txikitasuna gure aldeko tresna bihurtzen ari gara, saretzeak eta ahalegin txikien batuketak ematen digun indarrari esker.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.