- Aiurri aldizkariak bere artxiboko 2.000 argazki digitalizatu eta argitaratu ditu, EWKE eta TOKIKOMekin elkarlanean
- Historia hurbila dokumentatzeko argazki-funtsa da. Bertan aurki daitezke garai hartako pertsonaiak eta herritarrak, eta eraldatuz doazen tokiak eta paisaiak
- Proba pilotu hau gainontzeko toki komunikabideetan ere errepikatzea da asmoa
Beterri-Buruntza-Aiztondoko AIURRI toki komunikabideak TOKIKOM Wikiproiektua aurkeztu zuen atzo Andoaingo Udal Artxiboan. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin eta TOKIKOMekin elkarlanean garatutako proiektu honi esker, komunikabideak 1990 eta 1997 bitarteko 2.000 argazki digitalizatu, dokumentatu eta Wikimedia Commonsera igo ditu Aiurrik, eskualdeko historia hurbila hobeto ezagutzeko eta dokumentatzen laguntzeko baliagarria dena.
Behar komun batetik abiatuta
Aurkezpenean azaldu dutenez, proiektu hau behar komun batetik abiatu da. Alde batetik Wikimediak hutsune nabarmen bat du, irudiei dagokienez, argazkilaritza digitala agertzen hasi zenetik erabat orokortu zen bitarteko urteetan. “Garai hartako irudi asko analogikoak dira, baina ez dira artxibo historikoetan digitalizatzeko lana hartzeko bezain zaharrak ere”, azaldu du EWKEko Galder Gonzalezek.
Toki komunikabideetan, bestalde, aspalditik jabetu gara gure argazki artxiboak oso esanguratsuak izan daitezkeela ondare historikoaren ikuspegitik, baina baliabide urriek ez digute aukerarik uzten artxibo horiek digitalizatu eta txukuntzeko. TOKIKOMeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, azaldu duenez, “badakigu balio historiko handiko eduki asko eta asko daudela toki komunikabideen artxiboetan. Eta ezinegon eta inpotentzia handia sortzen digu material hori alferrik galduta dugula jakiteak”.
Elkarren problematikak bat egiten zutela ikusita, EWKEk eta TOKIKOMek adostu zuten aukera bat ematea elkarri, egiaztatzeko komunikabideetan gordetako material hori benetan hain baliotsua den. Hala, EWKEk ‘wikilari egoiliar’ bat jarri du lanean hilabetez komunikabide batean -Aiurrin- bertako artxiboa arakatu, digitalizatu, dokumentatu eta Wikimediara igotzeko. Horrela, bide batez, artxiboko edukia antolatzeko lanari tamaina ere hartu nahi zioten bi erakundeek.
2.000 irudi biltzen dituen argazki-funtsa
Hilabete horretan, Aiurriko wikilariak 2.000 argazki inguru igo ditu Wikimediara, 1990 eta 1997 bitartekoak. Egindako lan horren onurak anitzak dira:
- Alde batetik, Aiurrik orain digitalizatuta eta ondo ordenatuta dauka bere argazki artxibo historikoaren zati handi bat, aktualitateko informazioa lantzeko tresna gisa erabiltzeko moduan.
- Gainera, artxibo hori publikoa eta eskuragarria da erabili nahi duen ororentzat, Wikimediaren bitartez.
- Azkenik, Wikimedian edukiz bete da denbora tarte bat, orain arte hutsik zegoena.
Aiurriren zuzendariak, Joni Ubedak, nabarmendu duenez, lana handia izan da, baina merezi izan du: “Gaur argitaratzen ditugun argazkiak ondare bilakatuko dira, etorkizunean. Oro har, euskaldunak gure iraganeko ondareaz harro egoten gara. Eta etorkizunean ere orain egiten ari garenaz harro egongo gara. Argazkigintzak balio ezberdinak ditu: Artistikoa da hein handi batean, eta bereziki informatiboa. Denborarekin iraganeko irudi horiek balio erantsia hartuko dute, historiari oso lotuta geratzen baitira. Duela 30 urteko argazkiez ari gara, ondare bilakatzeko bidean direnak. Andoaingo 97ko uholde historiko haiek, Laborde enpresaren eraikin ikusgarria, Andoaingo eta eskualdeko eguneroko bizimodua eta bizitza politikoa… horiek urtez urte zaindu beharreko ondare bilakatzen ari dira”. Artxiboan ikus daitezke, besteak beste:
- Martin Ugalderi Hondarribian zuen etxean egindako elkarrizketa
- A15 errepidea eraikitzeko lanak (bat eta bi)
- Osakidetzaren HIESaren kontrako kita…
- Martin Ugalde Kultur Parkea, Kultur Parkea izan aurretik…
Aiurritik azaldu dute oso pozik daudela proiektu piloto honen emaitzarekin, eta gonbidapena egin dute artxiboa arakatu eta bertan murgiltzera. “EWKE eta TOKIKOMen bultzada garrantzia handikoa izan da, eta eskerrak eman nahi dizkiegu. Inoiz ez da une egokia topatzen bazterrean geratzen diren iraganeko karpeta horiei eusteko. Beti dagoelako zer egina, egunerokoan. Kasu honetan, ordea, eta Aiurriko lankideen laguntzari esker, argazki hauek digitalizatu, antolatu eta denen eskura utzi ditugu. Onuradunak hartzaile zabalak dira, baina baita Aiurriko erredakzio taldea ere. Geroz eta gehiago, artxibo historikoak baliagarritasun handiagoa hartuko baitu tokiko hedabideetan. Atzera begira jarri eta ibilbide oparoa osatzen ari gara. Tokiak, gertaerak edo garaiak testuinguruan jartzeko baliabide garrantzitsuak dira argazkia bera eta argazkiari lotutako informazio”.
Proiektuaren baitan digitalizatutako argazki guztiak Wikimediaren ondoko orri honetan kontsulta daitezke: https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Images_from_Aiurri
Hurrengo urratsak
Aiurritik azaldu dutenez, “Behin murgildu garela, jarraitzeko gogoz gaude. Garrantzia du egiten ari garenak, baliagarritasun handia, eta bide beretik jarraitzeko aukera izatea nahiko genuke. Gai eta garai zehatzei buruzko edukien lanketarako garrantzia handikoa izango da”.
EWKEk eta TOKIKOMek bere aldetik, Aiurriko esperientzian bildutako informazioa txukuntzen eta egitasmo bat diseinatzen ari dira, ariketa hau Euskal Herriko beste toki komunikabideetan errepikatzeko. TOKIKOMetik, komunikabideetan gordeta dauden argazki bildumak artxibo bihurtzearen garratnzia azpimarratu dute: “toki komunikabideetako argazki artxiboak digitalizatu eta publiko zabalaren esku jarrita, Euskal Herriko historia hurbila dokumentatzeko aktibo paregabea lortuko genuke, baina ahalegin handia eskaatzen du horrek eta indarrak neurtzen jakin behar dugu”. EWKEn ere bat datoz ideiarekin: “toki komunikabideetako argazki fondoak oso eduki interesgarria dira euskarazko Wikipedia osatzeko. Argazki bilduma horiek digitalizatu eta Wikimediara igoz gero, sekulako tresna izango genuke nahi duen ororen eskura gure iragan hurbila zehatzago dokumentatu eta ikertzeko”.