2016ko lehen edizioak izandako arrakasta ikusita, TOKIKOMek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, TOKIKOM Sariak antolatu ditu bigarrenez, euskarazko komunikazioaren balioa aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz.
Toki komunikabideek ekarpen handia egiten diote haien gertuko komunitateari, ikuspuntu informatibotik zein komunitatearen dinamizazioaren ikuspegitik, baina hala ere, bigarren mailakotzat jotzen dira sarritan, eta ekoizten duten edukia ezezaguna izaten da haien eragin esparrutik kanpo. Dinamika hori aldatu eta komunikabide txikion ekarpena azpimarratu eta gizarteratzeko asmoz, TOKIKOMek TOKIKOM Sariak eman zituen 2016ko azaroan, Arrasaten antolatu zituen TOKIKOM Jardunaldien baitan. Guztira, 114 lan aurkeztu ziren sariketara, eta irabazleek oso argi utzi zuten medio gutxirekin ere kazetaritza lan ederrak egin daitezkeela.
Euskarazko publizitatearen balioa aldarrikatzea
Ideiak harrera bikaina izan zuenez, aurten errepikatzeaz gain, osatzea ere erabaki du TOKIKOMek. Hala, euskarazko edozein toki komunikabidetan azken urtean argitaratutako lanak ez ezik, euskarazko edozein hedabidetan argitaratutako euskara hutsezko publizitate kanpainarik onena ere sarituko du.
TOKIKOMeko arduradunek azaldu dutenez, publizitate sariak “euskarak berak zein euskarazko komunikabide sareak publizitate euskarri gisa duten balioa aldarrikatu nahi du, publizitatearen munduko eragileak gugana hurbildu eta elkar ezagutzeko aitzakia emateaz bat”.
Beraz, lau sari banatuko ditu TOKIKOMek: haietako hiru azken urtebetean toki komunikabideetan argitaratutako lanen artean: portadarik onena, edukirik onena, eta ikus-entzunezkorik onena. Laugarrena, esan bezala, azken urtean euskarazko edozein mediotan argitaratutako euskarazko publizitate kanpainarik onenarentzat izango da.
Lanak aurkezteko epea zabalik
Lanak aurkezteko epea zabalik dago 2017ko irailaren 22ra arte. Proposamenak edonork egin ditzake, aurkeztutako lanen egilea izan zein ez. Sariketaren oinarriak TOKIKOMen webgunean daude irakurgai, eta aurkezpena bera ere webgunetik bertatik egin behar da.
TOKIKOM Sariak urriaren amaieran banatuko dira Usurbilen –iaz bertako Noaua! Aldizkariak lortu baitzuen eduki onenaren saria-, horretarako propio prestatzen ari den ekitaldi baten barruan. Informazio gehiago behar izanez gero, edo sarietarako proposamenak bidaltzeko, idatzi mesedez sariak@tokikom.eus helbidera.