Irailaren 13an amaituko da TOKIKOM Sarien laugarren ediziorako lanak aurkezteko epea. Sariketan euskarazko edozein toki komunikabidetan argitaratutako kazetaritza lanek har dezakete parte.
Sariketaren helburua toki komunikabideek ekoizten duten edukia gizarteratu eta goraipatzea da. Izan ere, toki komunikabideen izaeragatik beragatik, egiten dituzten lan bikainak sarritan oso eremu txikian hedatzen dira, eta ez dira oso ezagunak bakoitzaren eremutik kanpoko publiko orokorrarentzat.
Guztira hiru sari banatuko ditu TOKIKOMek, azarorako antolatzen ari den ekitaldian. Alde batetik, azken urtebetean toki komunikabideetan argitaratutako portadarik onena, edukirik onena, eta ikus-entzunezkorik onena.
Sari banaketa ekitaldia azaro erdialdean izango da, eta Hego Uribeko Geuria komunikabidearekin batera antolatzen ari da TOKIKOM. Izan ere Geuriak irabazi zuen 2018ko edizioko edukirik onenaren saria, “Berba eta irudia” monografiko ederragatik. Ekitaldian, sariak banatzeaz gain, euskarazko tokiko kazetaritzak albiste faltsuen fenomenoaren inguruan dituen erronken eta aukeren inguruko gogoeta egingo dute toki komunikabideek, alorreko adituen eskutik.
Lanak aurkezteko modua
Lanak aurkezteko epea zabalik dago 2019ko irailaren 13ra arte. Proposamenak edonork egin ditzake, aurkeztutako lanen egilea izan zein ez. Sariketaren oinarriak TOKIKOMen webgunean daude irakurgai, eta aurkezpena bera ere webgunetik bertatik egin behar da.
Informazio gehiago behar izanez gero, idatzi mesedez sariak@tokikom.eus helbidera.