TOKIKOM bloga

TOKIKOMen azken ekimen eta albisteak

Lagun onekin urteak labur

TOKIKOMen 10. urteurrenerako galdera eta erronka handia jarri genion geure buruari. Taldea eratzean buruan zebilkigun ‘ahulezien metaketatik indarra ateratzeko’ zeregin hura zer neurritan bete dugun jakin eta erakutsi nahi genuen. 20 bazkiderekin hasi genuen bidea 2012an. 2023 bukatzerako, 30 izango gara, eta 80 toki komunikabide. Indar handia ateratzeko besteko ahulezia metaketa!

Bide honetan, ezagutu ditugu Espainiako Estatuko beste toki komunikabideen elkarte batzuk: Associació Catalana de la Premsa Comarcal, Associació de la Premsa Conarcal Valenciana, Associació de Mitjans Digitals de la Comunitat Valenciana, Associació de la Premsa Forana de Mallorca eta Associació de la Premsa Local de Menorca. Izaera eta tamaina oso ezberdinetako elkarteak, baina zalantzarik gabe, gertuko senidetzat har ditzakegunak. Elkarlan bideak ireki ditugu haiekin guztiekin, eta Manifestu komun bat ere sinatu, aurrerantzean elkarrekin landu eta garatu beharko duguna.

Lagun onekin urteak labur 1

APLM, APFM, AMDComVal, TOKIKOM eta APCV elkarteen ordezkariak Getxon, Manifestua sinatu ondoren.

Europa Iparralderantz ere begira jarri gara: ikasi dugu Erresuma Batuko BBC ezagunak zer nolako esperientzia aberasgarriak dituen toki komunikabideekiko lankidetzan oinarrituta, egitasmo horien arduradunak diren Jason Gibbins eta Pete Sherlocken eskutik. Lankidetza horretan inplikatutako tokiko medioak ere ezagutu ditugu, Hegoaldeko Galeseko The Caerphilly Observer agerkariaren sortzaile Richard Gurnerri esker. Are Iparralderagotik, Norvegiatik ere, bertako toki komunikabideak batzen dituen LLA elkartearen Idazkari Nagusiak, Tomas Bruvik-ek, telebista publiko estatalarekin hasi duten bidea kontatu digu. Mordo bat ikasi dugu haiengandik eta, are pozgarriagoa dena, aurpegiko kolorea aldatu ere egin zaigu, beraiek azpimarratu digutenean TOKIKOMek azken urteotan egindako lanaren garrantzia.

Arlo akademikotik ere datu eta joera zaparrada eskaini digute Bea Narbaizak, EHUtik eta Avelino Amoedok, UNAVetik: erronka handia daukagu euskal gazteengana iristeko baina, aldi berean, orain datu zehatzekin defenda dezakegu albisteekiko interes maila beherantz doan garai betean, tokiko informazioak oraindik erakartzen duela publiko orokorraren arreta… eta informazio horretarako, kontrakoa pentsatzen badugu ere, toki komunikabideek prestigio handiagoa dutela sare sozialek baino.

Karma Peirok ere zer pentsatu ugari utzi zigun, adimen artifizialeko tresnek aspalditik eskaintzen dizkiguten aukerez, eta planteatzen dizkiguten zalantza etikoez ere bai. Fronte handi bat dugu esparru horretan zabalik, kontrakoa pentsatu arren berri-berria ez bada ere.

Hori guztia, eta gehiago ere ikasi dugu jardunaldi zoragarri batean, ezezaguna genuen baina ezin aproposagoa suertatu den Olatua Gurutzontzien Terminalean, Getxoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren zein Nafarroako Gobernuaren ezinbesteko babesarekin. Inoiz baino hurbilago sumatu dugun EiTBren konplizitatearekin. Antolaketa tekniko guztia xehe-xehe zaindu zuten Abao eta Alaikiren lan eskergarekin. Eta Uribe Kostako Hiruka Taldearen lankidetzarekin. Eta ekitaldira kanpotik etorri zineten 150 lagunen zein streaming bidez ikusi zenuten beste 250en inplikazioarekin. Eta Pernan Goñi ilustratzailearen primerako laburpen grafikoarekin. Eta Aiaraldea Faktoriak eskainitako jateko eta edateko goxoekin zein Tarima antzerki taldeak propio prestatukako ikuskizunarekin.

Horiei guztioi, zein ekitaldi osoa aurrera eramaten era batera edo bestera lagundu duten beste guztioi, eskerrak baino ezin dizkizuegu eman. Eskerrak, jardunaldia bera arrakastatsua izaten egindako ekarpenagatik, baina baita -eta batez ere- azken 10 urteotan bidelagun izateagatik. Lagun onekin orduak ez ezik, urteak ere labur!

Ikusi hemen jardunaldiek zer eman zuten

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.