Ezagutu gure finalistak!

Edorta Aranak, Maria Gorosarri Gonzalezek eta Amaia Pavonek osatu dute 2021eko TOKIKOM Sarien epaimahaia. Aurkeztu diren 57 lanen artean, bederatzi hauek aukeratu dituzte sarietarako finalista gisa.

Urriaren 20ra bitartean, zabalik izan dugu aukera publikoak bere lanik gogokoena bozkatzeko. Bozka gehien jaso dituen lanak Komunitatearen Saria eskuratuko du. Harekin batera, beti bezala, azalik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenaren sariak ere banatuko ditugu azaroaren 12an egingo dugun ekitaldian.

TOKIKOM SARIAK 2021

MAXIXATZEN. ‘Bolantean 60 urte’

TOKIKOM Sariak 2021. Azala. MAXIXATZEN.Bolantean 60 urte
Maritxu Errazkin Azkoitiko Aldalur autobus konpainiaren sortzaileetako bat da. 60 urteren ondoren, lanean jarraitzen du oraindik orain. Azal honetako irudia oso indartsua da, eta estereotipoak apurtzen ditu. Zentzu batean, oso apurtzailea da adin eta estetika horretako emakumea gidari lanetan ikustea, eta, hain zuzen ere, aurpegi hori da aldizkariaren irakurleek ezagutzen dutena.

GUAIXE. Uda Sakanan

TOKIKOM Sariak 2021. Azala. GUAIXE. Uda Sakanan
Sakanako astekariak oso portada interesgarria landu zuen udako zenbaki berezirako. Estetikoki irudi ludikoa eta bizia izateaz gain, balio informatiboa ere badu, eta primeran islatzen du eskualdeko mapa erreferentziala, begi kolpe batean ikusten da herri bakoitzean zer dagoen, bertako ondare natural eta kulturala

KARKARA. Bandera da Orion

KARKARA. Bandera da Orion
Kasu honetan fotokazetaritza balioa nabarmentzen da portadan. Argazkiak une historiko oso zehatza jasotzen du, eta oso egoki jaso ere: meritu handia du momentua hain argi harrapatu izanak, eta une historikoari buruz ere asko kontatzen du: taldearen indarra, emakumeek kirolean daukaten lekua, koronabirusaren arrastoa, sariaren ikurra den bandera…

GUKA. Turistak bizilagun.

TOKIKOM Sariak 2021. Edukiak. GUKA. Turistak Bizilagun.
Uda hasieran argitaratutako ereportaje mardul honek oso gai pertinentea lantzen du: euskal kostaldeko turismoaren bilakaera, hainbat ikuspuntutik aztertuta. Kazetaritza genero ezberdinak uztartzen ditu oso era osagarrian, eta nabarmentzekoa da erabilitako informazio-iturri eta datuen kopurua. Alde estetikotik ere oso ondo landuta dago, eta kazetaritza aldetik oso lan borobila da.

GEURIA. Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak

TOKIKOM Sariak 2021. Edukiak. GEURIA. Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak
Geuriak udarako sortutako zenbaki bereziak bikain uztartzen ditu fenomeno globalak (aldaketa klimatikoa, kontsumismoa, hirigintza) maila lokalean dituen islekin. Kazetaritza genero ezberdinak uztartzen ditu eskualdeko ondare hidrologikoaren berri emateko, eta hainbat aditu eta iturriren informazioa bikain erabiltzen ditu. Nabarmentzekoa da alde grafikoari emandako pisua, hala nola informazioa euskarri ezberdinetan eta ikuspegi multimediarekin emateko apustua: testua, infografiak, bideoak, argazkiak, ilustrazioak, offline eta online edukiak QR kodeen bidez lotzeko aukerak.

MAXIXATZEN. Zein da zurea?

TOKIKOM Sariak 2021. Edukiak. MAXIXATZEN. Zein da zurea?
Maxixatzenek oso gai polita eta benetan bertokoa aukeratu du erreportaje eder honetarako: herrian izen propioek baino garrantzi handiagoa duten gaitzizen eta ezizenak. Ezizen ezaguna duten zortzi familiarekin batu, eta aitzakia ederra topatu du Maxixatzenek herriko tradizioaren inguruko lan ederra osatzeko, bertako izaerari eta kultura zein gizarte ondareari balioa emanez.

GOIENA. Hala Bazan.

TOKIKOM Sariak 2021. Ikus-entzunezkoak. GOIENA. Hala Bazan
Arrasate Telebistaren 90eko hamarkadaren hasierako artxiboko irudiekin osatutako saio honek ederto aprobetxatzen du tokiko komunikabidearen ondare dokumentala, eta gertuko historiari errepasoa emateko aukera paregabea da. Dokumentazio, digitalizazio eta artxibo lan handia du atzetik, eta emaitza oso egokia da biralizatu, komunitatea trinkotu eta publikoaren atxikimendua lortzeko. ‘Ekonomia zirkularretik’ ere badu saioak: aspaldiko edukia berrerabili eta artxiboari probetxua ateratzeko modu ederra da.

GITB. Ateak itxi, leihoak ireki.

TOKIKOM Sariak 2021. Ikus-entzunezkoak. GITB. Ateak itxi, leihoak ireki
Covid19ari aurre egiteko itxialditik urtebetera, Goierri Irrati Telebistak saio berezi bat egin zuen, hainbat herritarren bizipenak eta oroitzapenak jasoz. Etxealdiko esperientziaren ikuspegi ederra eskaintzen du, estetika eta iturriak oso ondo landuta. Oso gustura ikusten den saioa da, eta mezua hitzen bidez ez ezik, irudien bidez ere modu bikainean ematen duena. Gerora begira ere, dokumentu ederra da etorkizuneko ikusleek jakiteko nola bizi izan den itxialdia.

GEURIA. Bideoaren trataera berezia egunerokoan.

TOKIKOM Sariak 2021. Ikus-entzunezkoak. GEURIA. Bideoaren trataera berezia egunerokoan
Lan konkreturen bat baino, Geuriaren kasuan nabarmentzekoa da paperezko edizioko edukiak sare sozialetan presente egoteko apustua, eta presentzia hori, gainera, ikus-entzunezko piezen bidez lortzekoa. Bistan da transmedia begiradarekin lantzen dutela edukia, eta mimo handiz lantzen dituzte interneteko sare eta plataforma ezberdinetarako propio egokitutako bideo pilulak, paperezko edukiaren eta digitalaren arteko zubiak eraikiz.

Antolatzailea

Laguntzailea

Babesleak